Atarikoa
Behean sinatzen dugunok (entitate, instituzio eta erakunde sozialen ordezkariak, gurasoen, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteen ordezkariak, irakasleak, komunikazio eta hezkuntza arloko adituak eta, oro har, hiritarrak)
gure gizartean informazioaren eta komunikazioaren teknologiek (ITC) eta hedabideek hezkuntza eta kultura garatzeko eskaintzen dizkiguten abantaila handiak eraginkortasun osoz erabiltzeko hartu dugun konpromisoa eta guztion interesa kontuan hartuz
eta aldi berean, telebista-programazioaren edukietan gero eta nabarmenagoa den arrunkeria ikusirik eta hedabide horretan eta “beste pantailetan” haurren eta gazteen garapena behar bezala bultzatzeko alternatiba sendorik ez dagoela kontuan izanik, gure kezka azaldu nahi dugu, eta alde horretatik
Hezkuntza eta Hedabideei buruzko Madrilgo Adierazpen hau egiten dugu, Bahía de los Cinco Vientos izenarekin, informazioaren eta komunikazioaren gizarte honetan hezkuntzarako haize berriak etorriko diren itxaropenean, eta horiek herritar guztientzat onuragarriak izango direlako uste osoan.
Madril, 2005eko otsailaren 9a
PS1. Gizartea osatzen dugun guztiok gai honen garrantziaz ondo jabetzen garenean hasiko gara benetan itxaropen-argia ikusten. Horregatik, denoi eskatu nahi dizuegu Hezkuntza eta Hedabideei buruz prestatu dugun “La Bahía de los Cinco Vientos” izeneko Madrilgo Adierazpen honekin bat egin dezazuela.
PS2. Madrilgo Adierazpena 2005eko otsailaren 9an Madrilen irakurri eta aurkeztu ondoren, beste hiri batzuetan ere irakurri eta ezagutarazi nahi dugu: Kairon (Egipto, 2005eko martxoa), Bruselan (Belgika, Europako Legebiltzarra eta EB, 2005eko apirila), New Yorken (EEBB, 2005eko ekaina) eta beste hainbatetan, “alfabetatze mediatikoa” kanpainaren inguruan antolatutako ekitaldien barruan.
Kontuan hartu beharrekoak
1. Hedabideak haurren aisialdirako, jolaserako eta, neurri batean, ikaskuntzarako tresna oso garrantzitsuak dira Espainian. Telebista da haurrek gehien ikusten duten hedabidea. Neska-mutikoak babesik gabeko egoeran daude, bai ohiko hedabideei dagokienez eta baita azken urte hauetan teknologia digitalak garatu dituen informazio- eta komunikazio-sistemei dagokienez ere. Haurrek erraz asko ikus ditzakete beraientzat batere egokiak ez diren programak: aldi berean, haurrak balioetan hezteko eskaintza erakargarriak, kalitatezkoak eta desberdinak falta dira eta horien premia garbi azaltzen da 1989ko Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioan, bertan berariaz adierazten baita haur orok hedabideak erabiltzeko (17 art.) eta adierazpen-askatasunerako (13. art.) eskubidea izan behar duela.
2. Azken urte hauetan atzerakada handia izan da hezkuntza mediatikoaren (alfabetatze mediatikoaren) garapenean; hala ere, hedabideek izugarrizko garrantzia dute ezagutzak eta balioak eskuratzeko eta ohiturak eta jokabideak geureganatzeko garaian; izan ere, hedabideek izugarri lagun dezakete pertsona aktiboagoak, kritikoagoak, komunikazio-gaitasun handiagokoak eta, beraz askeagoak, hezteko lana egiterakoan.
3. Adierazitako babes-gabezia eta heziketa-hutsune horiek are larriagoak dira egungo digitalizatze eta bateratze teknologikoari begiratzen badiogu. Hedabideak eta informazioaren teknologiak erabiltzeko heziketa egokirik egon ezean, familia-haustura eta aldi berean gizarte-haustura gertatzeko arrisku handia izango dugu, eta horren guztiaren ondorioz batzuk salatzen ari diren info-aberatsen eta info-pobreen arteko haustura digitala gerta liteke. Gainera, benetako arriskua dugu sistema demokratikoa pixkanaka hondatzeko, sistema hori gero eta gehiago korporazio handien mende baitago, eta herritarrak ikuspuntu politiko nahiz ekonomikoen bidez manipulatzeko arriskua ere gero eta handiagoa baita.
4. Behar-beharrezkoa da gizarte-komunikazioaren arloan paradigma berri bat lortzea eta erabakiak hartzean horiekin zerikusia duten eragile guztiek parte hartzea, bai administrazioek, enpresek, sorkuntza eta informazio arloko profesionalek, adituek, gurasoek eta erabiltzaile guztiek. Paradigma berri bat lortu behar da, komunikazio arloan hezkuntzak gerora begira duen garrantzia aintzat hartuko duena.
5. Haurren taldeak lehentasuna izan behar du komunikaziorako hezkuntza jaso eta horretan parte hartzen duten taldeen artean. Amek, aitek, eta oro har, hezitzaile guztiek haurren heziketarako tresnak erabili ahal izateko beharrezko laguntza didaktikoa izan behar dute. Laguntza horri esker, behar bezala eta era egokian erabili ahal izango dituzte pantaila berriak, hedabideak eta informazio-sistemak, eta hiritarren ikuspegi kritikoa lantzeko aukera izango dute
Eskaerak
1. Komunikazio gaietan nazioetako eta nazioarteko legeria (Mugarik gabeko Telebistari buruzko Arteztarau komunitarioa) nahitaez bete dadila, batez ere haurren eta nerabeen eskubideak “babestu, sustatu eta defendatzeko” ekimen guztietan, bai Estatuak gauzatzen dituenetan eta baita enpresa pribatuek burutzen dituztenetan ere.
2. Estatu osorako izango den Ikus-entzunezkoen Kontseilu independente eta plural bat lehenbailehen sortzea; Kontseilu horrek legeria betetzen den ala ez begiratu eta zigorrak ezartzeko ahalmena izango du. Aldi berean, Kontseiluak autoerregulazioa bultzatu, adierazpen-askatasuna defendatu, haurrak babestu eta herritarren eskakizunak jasoko ditu.
3. Komunikaziorako heziketa-plan orokor bat presta dadila, hedabideen erabilerari eta informazioaren teknologiei buruz eta mezuen prestakuntza eta azterketari buruz heziketa egoki bat bermatzeko. Komunikaziorako heziketa horrek haurren, gazteen eta helduen arteko elkarrizketa erraztu beharko du, bai eskola barruan eta bai familia barruan; gainera, sormena suspertu eta azterketa kritikorako eta autokritikarako gaitasuna sustatuko du.
4. Heziketa-lanak komunikazioaren esparruan sartu eta aintzat har ditzatela eta hedabideen eta informazioaren teknologien irakaskuntza eskola-programetan sartu eta aintzat har ditzatela, zeharkako ikuspegi baten arabera. Ikuspegi hori ez da bakarrik teknologikoa izango, erabat komunikatiboa baizik. Bestalde, heziketa horren helburua ez da baliabide tekniko eta adierazkor jakin batzuk bakarrik eskuratzea, mundua ulertzeko eta horretan nola jokatu jakiteko beharrezko tresnak eskuratzea baizik. Hedabideek munduari buruz erakusten dizkiguten ikuspegi desberdinek eragin nabaria dute jokabide sozialetan eta haurren eta gazteen heltze-prozesu etikoan. Ikus-entzunezkoen eta hedabideen mezuak aztertzea eta gazteenek beren iritzia entzunarazteko mezuak sortzea oso lagungarria izango da gazte horiek hiritar arduratsu gisa heldu daitezen.
5. Gobernuek komunikaziorako politika egoki bat bultza dezatela, eta horren bidez behar bezala berma dezatela eskaintzaren aniztasuna, eduki-eskaintzaile independenteak egotea, irabazteko asmorik ez duten operadore publikoek eta sozialek eginkizun horretan jarraitzea, eta udaletan, autonomietan, estatuan, Europan eta nazioarteko esparruan dauden iritziak kontuan hartuta politika koordinatuak sustatzea; politika horiei esker, heziketarako baliagarriak eta haurrentzat berritzaileak eta onuragarriak diren kalitatezko edukiak antolatu, ekoitzi eta zabaldu ahal izango dira. Alde horretatik, haurrentzako programa bereziak, espezializatuak eta adinaren arabera sailkatuak diseinatzea proposatzen dugu, haur eta nerabe guztiek arlo horretan dituzten eskubideak hobeto bete daitezen.